XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Alpertsurik denak?

MANUEL LASARTE

ALKOOLAREN aurka dauden pertsona batzuek maiz ematen dizkigute esplikazio ederrak.

Zertarako, ordea? Errespetatzen ez baditugu, alpertsurik denak.

Pertsona edadetuak bizigarri pixka bat nai izaten du; baiña komeni ez bazaio, ezin artu.

Osasunez sendo dagoenak ostatura sartu ta ura nekez eskatuko du, badaki edari obeagoak badaudela ta.

Emen, Orion ikusi ditut nik amaiketakoan arraia xaltxan jarria kazuelan, edo bestela tripakiak jan lenengo, ta gero gaiñetik gazta zaarra, egarria ematen duen oietakoa; eta bi lagunen artean lau botilla txakoliñez beteak ustutzen.

Tankera ortan edateko aalmen ikaragarria bearko duela pentsatzen det gizonak.

Ori ez da egarri naturala, zurruterako antsia baizik.

Baiña ez diote kalterik egingo seguru asko.

Sekulan ez ditut balantzaka eta itxura txarrean ikusi.

Aspertutako garaian, jerlekutik altxa eta bakoitza bere etxera joango da, Biar arte guztioi, jaunak esanda, umore ederrean bazkaltzera.

Nik beingo batez galdetu nioten:

- Orain, orrelako tripakada egin da gero, bazkalduko ote al dezute?

- Bai, gizona! Berdin-berdin! erantzun zidaten sano asko.

Orixe da pertsonarentzat nortasun jatorra eta ixtimagarria.

Zipizkeririk gabeko izakera aberatsa, nere ustez beintzat.

Txarkeritik ez baigoaz iñora.

Zaar jendeak, berriz, ardo itxurazkoaren parekorik ez dagola esaten du, gizonak noiznai artzeko; eta ortan arrazoi piskaren bat eduki lezake gaiñera.

Neri Orioko aitona prestu batek galdetu zidan, orain dala urte batzuk.

Ostatuan ardoz konbidatu ninduen, eta:

- Ixtimatzen dizut, baiña medikuak galerazia daukat esan nionean, onela dio:

- Batere ez al dezu edaten, Lasarte?

- Ez aspaldian.

- Kontxo! Jateko garaian ardo on samarrak, basokada batek, ez lizuke ba, kalterik egingo.

- Ez noski, baiña onetik bi igoal edango nituzke, ordea.

- Arrixku ederra! erantzun zidan aitonak.

Beste erri txiki batean ezagutu nuen ardozale purrukatua, beti zurrutean da bein ere mozkortzen etzan elementu oietakoa.

Gizon edadez jantzia ordurako, baiña artean ederki tiratzen zion txupeteari.

Eta, izketan ari giñala, galdera auxe egin nion, konfiantza gendulako:

- Gizon sasoiko batek zenbat ardo edan bear du, kalean lagunartean dabillenean, etxekoz aparte?

- Ogei ta amar baxoerdi egun bakoitzean, gutxi gora-bera, ongi osatzeko esan zidan.

Errazio polita ez al da ori, irakurle?

Nik ala uste det.

Zuk ez dakit nola ikusiko dezun.